XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauzak horrela, Zumaiaren historia berriro aztertu eta agirietan egiaztatu genuen.

Gai horri buruz idatzitako liburuak ere hartu genituen kontuan, historia osoa egitea izan baitugu helburu nagusia.

Horrela, azterlana bi fasetan burutu genuen: lehenbizi bibliografia biltzeari ekin genion, eta Zumaiako Udal Agiritegian hustuketa lan zehatza burutu genuen gero.

Halaber, Gipuzkoako eta estatuko agiritegietara nahiz partikularretara ere jo dugu Zumaiari eta zumaiarrei buruzko ahalik eta informazio gehien zuzena zein zeharkakoa biltzeko asmoz.

Aipatutako helburua erdiesteko, gure lana bederatzi gai multzo edo ataletan banatu dugu, egitura lineala izanik: 1) Hiribilduaren jatorria eta fundazioa; 2) Zumaia eta inguruko herrien arteko eskumen eta lege auziak; 3) udal gobernua eta gai politiko-administratiboak; 4) hirigintza; 5) erlijioa; 6) azpiegitura eta komunikazioak; 7) ekonomia; 8) artea eta 9) jaiak.

Lehenengo kapituluan Hiribilduaren jatorria eta fundazioa ditugu aztergai.

Hainbat arlo lantzen dira: Hiribildua sortu baino lehen Zumaian zer zegoen, Zehatzeko biztanleek hiri-gutuna lortzeko burutu zituzten lehen urratsak, Alfontso XI.ak 1347an emandako hiri-gutunaren esanahia eta edukiak, eta handik aurrera Orreagako monasterioarekin sortutako arazoak.

Bigarren kapituluan Zumaia eta inguruko herrien artean sortutako liskarrak aipatzen dira.

Deba, Getaria, Zestoa, Aizarnazabal eta Oikiarekin izandako auzi guztien sorburua, izaera eta erabakiak zehazten dira.

Hirugarren atalean udal gobernuaren eta politikaren inguruko gorabeherak ematen dira jakitera.

Gaia hain zabala eta konplexua izanik, hiru ardatz nagusi hartu ditugu oinarritzat: udal ordenantzak, udal antolamendua eta kontzejuaren ekonomia.

Azken hori dirusarrera eta gastuen ikuspuntutik garatu dugu nagusiki.

Laugarren kapitulua hirigintzari buruzkoa da Zumaiako hirigintzak historian zehar izandako bilakaera ikertu dugu, Erdi Arotik hasi eta XX. mendea arte.

Horretaz gain, Udalak garai bakoitzean herritarrei zein instalazio eta zerbitzu eskaini dizkien ere adierazten da.

Bosgarrenak erlijioa du mintzagai: batetik, Hiribilduan izan diren eta dauden eliza eta ermiten historia kontatzen da eta, bestetik, horietan sortutako kofradien jatorria, helburua eta ezaugarriak.

Seigarren atalean Zumaiaren historiako gairik aipagarrienetakoak ezagutzeko aukera eskaintzen da: azpiegitura eta komunikabideak.

Izan ere, Zumaia ezin hobeto dago kokatuta; leku estrategikoa du guztiz.

Baina Probintziako gainerako herriekin oso komunikabide eskasak izan ditu beti eta ondorioz, abantaila horri askotan ezin izan zaio etekin handirik atera.

Beraz, gaia egoki taiutzeko hiru abiapuntu nagusi hartu ditugu: portua, lehorreko errepideak eta trena.

Portuari dagokionez, zein azpiegitura lan egin diren aipatzen da.

Lehorreko komunikabideen arloan, bestetik, bide sare nagusia, bigarren mailako bideak eta zubiak bereizten dira.

Azkenik, Urolako trenaren eta Vascongados izenekoen nondik norakoak ematen dira jakitera.